XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zaharra berri

Lerro artean

Hauteskunde kanpaina hurbil egoteak ez du ekarri aldaketa handiegirik egunkarien antolaketan.

Hauteskunde giroko adierazpen, aurkezpen eta abarrekoak ohi baino ugariagoak badira ere, aspalditik hasi ziren, eta denborarekin barreiatu egin dira, korapilo handiegirik sortu gabe.

Dena dela, kanpainaren hasiera gertu izanik, egunkari batzuk hasi dira prestatzen eta zintilo bereizgarriak erabiltzen dituzte, hauteskundeei dagokiena nabarmentzeko.

Eginek Kanpaina atarian sarturik eta El Diario Vascok Aurrekanpaina, aukeratu dute hauteskunde inguruko albisteak sailkatzeko.

Izenburu horiek nahiko generikoak dira, Udalak, Batzar Nagusiak eta Diputazioak eta Nafarroako Parlamentua eta Gobernua jokoan dituzten hauteskundeak biltzeko asmoz.

Hauteskunde kanpainaren atarian egin den Gasteizko Gobernuaren Segimendu Batzordearen lehen bilerak ez zuen islada berdintsua izan atzoko egunkarietan.

Deia eta El Correo Españolek, bilerari buruzko informazioa zabal samar jaso arren, ez zuten lehentasunezko orrialdeetan kokatu.

El Diario Vascok bai, ordea.

Aipatutako azken bi egunkarietako ohizko komentario politikoak gai horren ingurukoak izan ziren.

Oso eduki eta estilo ezberdinekoak.

Alberto Suriok Lakuan dagoen armonia nabarmendu zuen, orain arteko istilugaiei garrantzia kenduz.

Hala ere, bi arrisku aipatu zituen: batetik EAk eta EEk idazkari nagusia eta kontseilari kargua pertsona bakarrak gauzatzeak ekar dezakeena eta, bestetik, hauteskunde emaitzetatik etor daitekeena.

Ramon Murrek, ordea, bilera hauteskunde atarian egiteaz oharterazi eta akordioaren zabalkundea mahai gainean egon zitekeela aipatzeaz gain, EAJren nagusitasuna azpimarratu zuen.

Dena dago, egunero gehiago, bere esku zioen Murrek.

Bere esanetan, EAJ apisonadora baten erabatekotasunarekin finkatzen ari den bitartean, EEk konpartsarena egiten du, eta EAri ondo portatzea dagokio.

Aste honetako Interviu aldizkariak hamar orrialdeko erreportaia eskaini du esklusiba zigiluaren azpian eta ETA-Gobernua negoziazioaren paper sekretuak titulupean.

Zaharra berri.

Paper sekretuak ez dira hain sekretuak El Mundo egunkariak joan zen abenduan argitaratu bait zituen.

Jakina denez, paper horietan uda aldean ETA eta Gobernuaren artean izan ziren kontaktuak aipatzen dira.

Zertara dator, orduan, duela hilabete askotako parerak berriro aireatzea?

Erreportaiaren sarreran azken egunotako atentatu multzoa espreski aipatzeak eman dezake pistaren bat.

PELLO URZELAI